Osasunaren Munduko Erakundearen (OME) datuen arabera, 285 milioi pertsonak dute munduan ikusteko desgaitasunen bat. Horietatik, 39 milioi itsuak dira eta 246 milioik ikusmen murriztua dute.
Ikusteko desgaitasuna dutenen % 90 garapen-bidean dauden herrialdeetan bizi dira.
Mundu mailan, desgaitasunaren kausak horrela banatzen dira:
- zuzendu gabeko errefrakzio-akatsak (miopia, hipermetropia eta astigmatismoa): % 43
- operatu gabeko begi-lausoa: % 33
- glaukoma: % 2
Ikus daitekeenez, zuzendu gabeko errefrakzio-akatsak dira ikusteko desgaitasunaren kausa nagusia garatutako herrialdeetan, eta garapen-bidean dauden herrialdeetan, berriz, begi-lausoa da itsutasuna sortzen duen kausa nagusia.
Zorionez, gaixotasun infekziosoen ondorio izan daitezkeen ikusteko desgaitasunak dituzten pertsonen kopurua asko jaitsi da azken 20 urteotan, arrazoi hauengatik, nagusiki: garapen sozioekonomikoa; osasun publikoaren jarduera adostuak; oftalmologia-arretako zerbitzuak areagotzea eta herritarrek ikusteko desgaitasunarekin lotutako arazoen konponbideen berri izatea.
Azkenik, nabarmentzekoa da mundu mailako ikusteko desgaitasun kasuen % 80 saihestu edo senda daitezkeela.
Arrisku-egoeran dauden pertsonei dagokienez, ikusteko desgaitasuna dutenen % 65 inguruk 50 urte baino gehiago dituzte. Gainera, 19 milioi haurrek dute ikusteko desgaitasuna; horietako 12 milioik errefrakzio-akatsak direla eta, eta portzentaje txikiago bat itsutasun atzeraezina dela eta. Azken horiek sendatzeko kirurgia eta ikusmen-errehabilitazioa behar dute, baldin eta garapen pertsonal eta psikologiko oso bat izango badute.