Ikusmenaren Nazioarteko Eguna urtero ospatzen da, eta itsutasunaren mundu mailako arazoa du xede. Helburu nagusia mundu osoko pertsonak ikusmen-galeraren prebentzioaren eta tratamenduaren garrantziari buruz sentsibilizatzea da.
Urriaren 10ean egingo da aurten, eta pertsona guztiek ikusteko duten eskubidea azpimarratuko du. Gobernu guztiek osasun-zerbitzuak eskuratzea, alegia, begietako gaitzak prebenitu eta tratatzea bermatzeko duten konpromiso irmoa izango du hizpide egunak.
Arreta oftalmologikoa eskuratzeak itsutasun saihesgarriaren larritasuna txikitzen du eta, hortaz, posible den osasun-maila onenaren eskubidearen ondorio den betebeharra da.
Itsutasun-kasu guztien % 80 saihestu daitezke, dela prebeni daitezkeen gaitzen ondorio direlako (% 20), dela tratamendu egokia jasoz gero ikusmena berreskura daitekeelako (% 60).
Ikusmen-galeraren prebentzioa eta tratamendua medikuntzan egiten diren tratamendu eraginkorrenen artean daude, eta oso emaitza onak dituzte.
Horien artean daude begi-lausoaren kirurgia, zahartzaroari lotutako gaitz hori sendatzeko, trakomaren prebentzioa, onkozerkosia tratatzeko botikak banatzea, elgorriaren immunizazioa, A bitaminaren gehigarriak banatzea haurren itsutasuna prebenitzeko eta begietako gaitzak zuzentzeko ukipen-lenteak ematea.