Nortzuk Gara

Gurearen tankerako proiektu batek
ondo merezita dauka zure ekarpentxoa.
Egin ezazu! Horixe da begirada lagunkidea.

Presidentearen gutuna

Oftalmologiako profesional-talde batek aspalditik daramagu Oftalmologiako Institutu Kliniko Kirurgikoan ikusmenaren arazoak prebenitzen eta tratatzen, bai eta medikuntzaren alor honetan trebakuntza eta irakaskuntza eskaintzen ere.

Gure ezagutza, esperientzia eta ekonomiarekiko eta gizartearekiko dugun konpromisoa gizarte osoaren zerbitzura jartzeko abiarazi genuen fundazio hau, eta bereziki garapen-bidean dauden eta gehien behar duten herrialdeen zerbitzura jartzeko.

Ziur gaude beste fundazio, GKE eta mundu osoko erakunde publiko eta pribatuek egiten dituzten beste ekarpen askori gehiturik, mundu osoko ia 180 milioi pertsona itsuri baliozko erantzuna emateko balioko duela gure ekarpen xume honek. Tamalez, Begirada Lagunkidea eta tankera horretako erakundeen laguntzarik gabe, beren herrialdeetako bizi-baldintzengatik, pertsona horiek guztiek inoiz ez lukete begi-arazoetarako tratamendurik lortzeko aukerarik izango.

Begirada Lagunkideak lau esparru handitan lan egitea erabaki du: irakaskuntza, zientzia-dibulgazioa, ikerketa eta garapenerako lankidetza.  Gainera, ahaleginak egiten ari da garapen jasangarriaren arloko proiektuetan ardazteko.

Gure nahia ez da ikusmenaren gaixotasunak tratatzea bakarrik; gaixotasunok prebenitzen ere lagundu nahi dugu. Gure lankide diren herrialdeetako oftalmologia-profesionalak trebatu eta gaitu nahi ditugu, bai eta zentro edo klinika espezializatuak sustatu edota lehendik martxan daudenak ekipamendu eta teknologia modernoez hornitu ere.

Argi dugu hain asmo handiko xedeak ezin direla bakarkako lanean erdietsi. Horregatik, ahalik eta kide eta lankide gehien izan nahi ditugu, eta ezagutza-sare handi bat sortu nahi dugu, helburuotara iristeko eta proiektu handi hau bermatzeko.

Ideia honek V2020 programaren kide izatera bultzatu gaitu. Begi-osasunaren inguruko politika eta programak ezarriz, itsutasunaren prebentzioa sustatzea du helburu programa honek, eta IAPB Task Force taldeak zuzentzen du (hauek dira kideetako batzuk: International Agency for the Prevention of Blindness, Christoffel-Blindenmission, Hellen Keller International, Orbis International eta Sightsavers International).

V2020ren Latinoamerikako batzorde exekutiboan sartzera ere bultzatu gaitu ideia horrek, hasiera batean, horixe izango baita gure esfortzuak kontzentratuko ditugun eragin-eremua. Fundazio hau Itsutasunaren Aurkako Espainiako Elkartearen (SECC) kide ere egin da, bai eta Poderver erakundearena ere. Azken hori garapen-bidean dauden herrialdeetan itsutasunaren kontra lan egiten duten Espainiako GKE nagusiak biltzen ditu.

Gurearen tankerako proiektu batek ondo merezita dauka zure ekarpentxoa. Egin ezazu! Horixe da begirada lagunkidea.

firma-corcostegui
Gonzalo Corcostegui Guraya
Begirada Lagunkidea Fundazioko presidentea